Arrigorriagako udalak euskararen erabilera indartu du herritarren artean
Alkatearen iritziz, urtez urte, gero eta euskara gehiago erabiltzen da herrian. Urte hasieran, 2.000 boltsa banatu dituzte merkatari eta bezeroen artean.
Gabonetan merkataritzaren sektorean euskararen erabilera hedatzeko abian jarritako kanpaina “arrakastatsua izan da; kontsumitzaileen eta merkatarien arteko harremanetan hizkuntza hau bultzatzen lagundu du, eta, ondorioz, baita Arrigorriagako herritarren artean ere”, adierazi du Alberto Ruiz de Azua alkateak. Ekimenak ‘Euskara Arrigorriagako Merkataritzara’ izena dauka, eta 2.000 poltsa banatu dira Arrigorriagako saltoki bakoitzean, besteak beste, fruta-dendetan, harategietan, zapata-dendetan eta opari-dendetan.
Aurtengo leloa, ‘Eraman Euskara Zurekin’, diseinatutako 2.000 elementuetako bakoitzean grabatu da. “Hedatze-uhina Arrigorriagako merkataritza-lokal guztietara iritsi da; izan ere, banatu ditugun eta beraien bezeroei eman dizkieten poltsak herri guztian ikusi dira”, esan du Arrigorriagako alkateak. “Onartu beharra daukagu euskara gero eta gehiago erabiltzen dela Arrigorriagako herritarren artean”, zehaztu du Ruiz de Azuak. “Udaletik –argitu du–, herriko saltoki guztiak zoriondu nahi ditugu, euskararen aldeko ekimenak gauzatzeko duten jarreragatik”. Era berean, Ruiz de Azuak iragarri du “ekimen gehiago egiteko aukera egongo dela”, eta, beraz, gonbit egiten die Arrigorriagako herritar guztiei “euskararen erabilera sustatu dezaketen jardueren proposamenak egin ditzaten”.
DENDEN IZENAK EUSKARATZEKO DIRU-LAGUNTZAK
Helburu berarekin, toki Administrazioak zenbait jarduera zehatz bultzatu ditu azken urteotan. Ekimen horien artean, honakoak nabarmendu daitezke: itzulpen zerbitzua, sektore eta talde desberdinen artean euskarazko materialak banatzea, merkataritzako errotuluak eta olanak euskaraz jartzeko laguntza ekonomikoak, eta euskara eskolak merkatarientzat.
Gaur egun, “gure herrian dauden saltokiei bertako kartelak itzultzeko laguntza ari gara ematen, horiek, gutxienez, gaztelaniaz eta euskaraz ager daitezen”, adierazi du alkateak. Merkataritzaren sektorean euskararen erabilera hedatzera zuzendutako kanpainak bat egin du Arrigorriagan dagoeneko finkatuta dauden eta filosofia bera duten beste plan batzuekin, hala nola, Berban Berban eta Berbalagun ekimenekin. Lehenengoaren kasuan, “programaren helburua da euskara era dibertigarrian eta gazteei interesatzen zaizkien jardueretan erabiltzea”, argitu du Ruiz de Azuak.
BERBAN BERBAN ETA BERBALAGUN
Berban Berban programak, Udaleko Euskara Sailak antolatutakoak, 12 eta 14 urte bitarteko gazteen bi talde ditu aurten, eta, guztira, 28 gazte daude. Ikasleak ostiral arratsaldean biltzen dira Abusu auzoan eta larunbat goizean Gaztegunean, eta hainbat jarduera antolatzen dituzte: irteerak patinatzera, Umeen Gabonetako Parkera, zinera, sukaldaritzako tailerrak, eskulanen tailerrak eta mozorroen tailerrak, besteak beste. Berbalagun, bestalde, Euskaltegiak diseinatutako programa da, eta solasaldiak antolatzen ditu ikasleen eta herriko pertsona ezagunen artean.
Agente sozial guztiek parte hartu dute Arrigorriagako udaletxe berriaren eraketan
Instalazio berriak Bizkaiko ahaldun nagusiak inauguratuko ditu urtarrilaren 28an. Azken unean jakin dutenez, aurrekontua 4,5 milioi eurokoa izan da, lizitazio-prezioa baino % 3,8 txikiagoa.
Arrigorriagako Udalak gizarte-sare osoa inplikatuko du udaletxe berria sortzeko prozesuan. Hain zuzen ere, eraikin berria urtarrilaren 28an inauguratuko da. Oraindik ere martxan dagoen Udalaren erabilgarritasuna erabakitzeko, Udalbatzak eta Arrigorriagako herritarrek prozesu batean hartuko dute parte.
Arrigorriagako etorkizuneko eraikinaren azalera oraingo udaletxearena baino hiru aldiz handiagoa izango da. Alberto Ruiz de Azua Arrigorriagako alkateak esan du eraikuntza proiektuak zehaztasun osoz bete dituela finkatutako epeak. “Gainera, aurrekontua 4,5 milioi eurokoa izan da, lizitazio-prezioa baino ehuneko 3,8 txikiagoa”, zehaztu du Ruiz de Azuak.
Albizuak iragarri duen partaidetza-prozesuari dagokionez, lehenengo eta behin, Arrigorriagako bizilagunei zuzendutako bisita gidatuak antolatuko dira, udaletxe berria barrutik ikus dezaten. Bisitak bi astez egingo dira, urtarrilaren 31tik aurrera. Aste Santuaren ostean irekiko den prozesuan, Arrigorriagako kolektibo guztiek hartuko dute parte, eta, modu horretan, euren proposamenak eta Udalbatzarenak bateratuko dira, orain arteko udaletxeari zein erabilera emango zaion erabakitzeko.
Udaletxe berrirako lekualdaketa urtarrileko azken asteburuan egingo da, eta otsaileko lehen aste osoa iraungo du. Une horretatik aurrera, udaletxeak herriko instituzioaren itxura hobetzen eta sendotzen lagunduko du. Ordurako, amaitutzat joko da 2009ko uztailaren 27an hasitako erronka, lehengo eskolak deseraikitzeko lanak egun hartan hasi baitziren. Prozesu honetan, ikastetxeko jatorrizko harriak sortu berri den udal egiturarako aprobetxatu dira.
'UDALBARRIA' ERALADAKETA PROZESUAREN BUKAERA
Modu paraleloan, Udala ‘Udalbarria’ izeneko eraldaketa prozesu sakon batean dago murgilduta. Alkateak adierazi duenez, “prozesu horren bitartez, Udalak egunero aplikatzen dituen prozedura administratibo eta telematikoak modernizatzeko asmoa dago, herritarrei zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko”.
“‘Udalbarria’ ekimenak agerian uzten du gure Udalak konpromiso irmoa duela udal prestazioei bizkortasuna eta erabilgarritasuna emango dieten konponbideen bilaketarekin. Izan ere, administrazio kudeaketak ahalbidetuko ditu eta Administrazioarekiko harremanak sinplifikatuko ditu, emaitza ona lortuz”, adierazi du, bere aldetik, Asier Albizua Proiektu Estrategikoen zinegotziak.
Etorkizuneko udal administrazioa hartuko duen eraikinak 4 milioi eurotik gorako inbertsioa izan du, baina, edozelan ere, zenbateko hori lizitazio preziotik behera mantendu da. Eraikuntza lanak German Echebarría enpresak egin ditu, legegintzaldiko asmoetako bat errealitate bihurtuz eta protokolo zein mekanismo berriak argituz, operazioen pakete oso batean. “Eguneratzen diren tresna berriak dira, eta herritarren beharrizanak baino urrats bat aurrerago doaz, udal jarduera hobetzeko eta Udalak Arrigorriagako biztanleekin daukan harremana hobetzeko asmoz”, adierazi du Ruiz de Azuak.
Udal eraikin berriaren arkitektua Emilio Puertas izan da: "Historia eta modernitatea uztartzen ditu. Halaxe frogatzen da lehengo eskolari eutsi zioten jatorrizko harrien kontserbazioan eta bigarren solairua estaltzen duen kristalezko aurrealdean", dio Ruiz de Azuak.
BIDEOA // 'Cuerpos de barro' antzezlana eta 'Graffiti Classics'en humorea Lonbo aretoan
Musika astea egitasmoaren barruan, The Graffiti Classicsek algaraz betetako kontzertua eskainiko du. 'Cuerpos de barro' antzezlanak emakumearen kontrako indarkeriaren alde egingo du.
Antzerkiak eta musikak amaiera emango diote azaroko programazioari Arrigorriagako Lonbo aretoan. Hilaren 25ean, emakumearen kontrako indarkeriaren egunean, Luna Llena taldeak 'Cuerpos de barro' lana antzestuko du. "XXI. mendeko emakumezkoaren gorputz-atalak gara. Estetikaren eta antiestetikaren ekonomiaren ardatza, botiken eta operazio gelen muina. Azken batean, eramailearentzako edertasun forma duen moldearen bila dabilen buztina gara", dio antzezlanaren sinopsiak. Besarkada zirkuitoaren parte den lan hau 19:30ean hasiko da eta sarrerak lau eurotan salduko dira.
Egun bat geroago, azaroaren 26an, umorezko musika saioa ikusgai izango da Lonbon, Musika astearen baitan. The Graffiti Classics konpainia hamasei harik, zortzi oinek eta lau ahotsek osatzen dute. "Ez dute atsedenik ematen kontzertuetan" eta euren musika sailkaezintzat jotzen dute. Taldeak bere burua definitzen du "XXI. mendera moldatu den hari-laukote kalsikoa" bezala. Zuzeneko emanaldia eskainiko dute arratsaldeko zortzietan hasita, bost euren trukean.
Adobe Flash Player not installed or older than 9.0.115!
Landaederragako hilerriak bere instalazioak hobetu ditu 160 hilobi eta mila horma-hilobirekin
24.100 metro karratuko azalerarekin eta 3,4 milioi eurotako aurrekontuarekin, hilobiaren inguruan dagoen parkea “jasangarritasunaren aldeko apustua” da.
Bere hirigintza-ikuskeragatik eta lurperatzeen kudeaketagatik munduan bakarra den Landaederragako hilerriak, berdintasunean oinarrituriko zerbitzua eskainiko du eta akonfesionala izango da. Batasun irudi bat eman asmoz, ez da Udalak eskainia ez den ezaugarri erlijiosorik edota apaingarririk onartuko.
Horrela, "beste erlijio batzuk aitortzen dituzten pertsonekiko gure errespetua adieraziko dugu", azaldu du Arrigorriagako alkate Alberto Ruiz de Azuak, eta horrekin batera, hilerri-parke jasangarri bat sortzeko asmoa azpimarratu nahi izan du; bertan 200 zuhaitz inguru daude –pagoak, haritzak eta zuhaixkak-, eta horietatik erdiak baino gehiago ehun urte baino gehiagoko haritzak dira.
ERRAUSKETA, HILERRIAK ETA HORMA-HILOBIEN ALOKAIRUA 75 URTERAKO
Nekropoli berriak bi gune ezberdin ditu: lurperatze edo hilobiena, batetik, eta horma-hilobiena, bestetik. Lehenak lur azpian prestaturiko 160 eremu baino gehiago ditu, eta gorpuzkiak gehienez bost urtez egongo lirateke bertan. Horma-hilobien guneak behin bost urte horiek igarotakoan hilobietatik aterako diren gorpuzkiak jasoko ditu.
Une hori iritsitakoan, Arrigorriagako Udalak bi aukera eskainiko dizkie hobiratzeen titularrei: errausketa edo gorpuzkiak instalazio berrietako mila horma-hilobietako batera eramatea. Gune hau argiaren intentsitatearen arabera kolorez aldatzen diren hainbat beiratek babesten dute. Udalak 75 urteko epea aurreikusten du horma-hilobien kontzesiorako, alokairuan. Errausketa aukeratu eta errautsak hilerrian gera daitezen nahi dutenentzat gune berezi bat egongo da instalazio berrietan.
Udal Euskaltegiak datorren ikasturterako matrikulazio epea ekainaren 23ra arte luzatu du
Euskara ikasteko bekak eskuratzeko eskaeren aurkezpen eguna ekainaren 15an hasi da eta Euskaltegiak, aurtengo udan ere, ateak irekiko ditu, hiru astez uztailean eta beste hiru astez irailean.
Udal euskaltegiak datorren ikasturterako matrikulazio epea zabaldu du ekainaren 14tik eta 23ra bitartean. Arrigorriagako euskaltegian matrikula egiten duten Arrigorriagako eta Ugaoko herritarrek 50 euroko deskontua izango dute. Gainera, epe horretan, interesdunek udako -uztailetik irailera- ikastaro trinkoetan eman ahal izango dute izena, urrian izango diren HABEren 1, 2 eta 3. mailetako azterketak prestatzeko.
Euskara ikasteko bekak eskuratzeko eskaeren aurkezpen eguna ekainaren 15ean hasi da. Euskaltegiak, ostera, aurtengo udan ere irekiko ditu ateak, hiru astez uztailean eta beste hiru astez irailean. Ikastaro trinkoen prezioa 96 eurokoa da. Dena den, matrikula 48 eurora jaitsi daiteke, hiru salbuespen hauetako bat betez gero: ikaslea langabea izatea, 0 eta 5 urte bitarteko seme-alabak izatea bere kargura, edo 16 eta 18 urte bitartekoa izatea.
Matrikulak Euskaltegian bertan egin daitezke, edo, bestela, www.arrigorriagakoeuskaltegia.org web orrian edo 94 400 20 60 / 94 402 02 11 telefono zenbakietara deituta.
BERBALAGUN ETA BERBAN-BERBA
Arrigorriagako Euskara Sailak 'Berban-Berban' proiektua abiaraziko du aurten, 12 eta 14 urte bitarteko ikasleei zuzenduta. Ostiral eta larunbatetan izango da udal Gaztegunean eta Abusuko zentro sozio-kulturalean. Proiektu honen helburu nagusia da Arrigorriagako gazteek euskara maiztasun eta trebetasun gehiagorekin erabiltzera bultzatzea.
'Berban-berba' egitasmoaz gain, Berbalagun proiektua ere martxan jarriko du aurten Udalak eta programotan parte hartu nahi dutenek bekak eskuratzeko aukera izango dute. Berbalagun proiektua "euskara ikasten dabiltzan pertsonak biltzen ditu, giro ez euskaldunekoak izaki, euskaraz jarduteko aukera izan dezaten".