Arrigorriaga

Erretzeari uzteko doaneko ikastaroa antolatu du Arrigorriagako Udalak, banakako zein taldekako terapiekin

Urtebetez luzatuko den egitarauak taldekako zazpi saio ditu, eta jarraipen pertsonaleko beste hiru. Klaseak apirilean hasiko dira, eta astean ordubetez eskainiko dira.

“Erretzeari uztea ez da erraza nola egin ez badakizu”, dio erretzeari uzteko autolaguntzazko liburu batek. Hain zuzen ere, horregatik darrai Arrigorriagako Udaleko Drogomenpekotasunaren Prebentziorako taldeak, Minbiziaren Aurkako Espainiako Erakundearekin (AECC) elkarlanean, erretzeari uzten laguntzeko ikastaroak antolatzen. Ikastaro hauek doakoak dira eta apiriletik ekainera bitartean eskainiko dira.

Bizi kalitate hobea lortu asmoz, erretzeari uzteak “hainbat onura dakartza: hobeto arnastea, usaimena berreskuratzea eta gaixotasun koronarioak jasateko arriskua murriztea”, Gizarte Ekintza Saileko zinegotzi Begoña Estívalizek azaldu bezala.

FASE PSIKIKOA ETA TRATAMENDUAREN JARRAIPENA 

Ikastaroak bi fase ditu: lehenengoan psikologo batek gidaturiko taldekako zazpi saio egingo dira, astean behin ordubetez. Honen bidez, menpekotasun fisiko –partxeak, txikleak, ‘bupropión’ edo ‘vareniclina’ bezalako botikak- eta psikikoak kontrolatu nahi dira; bigarren fasean, berriz, tratamenduaren jarraipen bat egiten da telefono deien bidez: dei hauek ikastaroa bukatu eta handik hiru hilabetera, sei hilabetera eta urtebetera egingo dira.

Herrian ospaturiko gisa honetako azken programan hamabi lagunek parte hartu zuten, eta horietatik lauk erretzeari uztea lortu zuten. Apirilean hastekoa den honetan oraingoz zazpi lagunek eman dute izena.

Gizarte Ekintza Sailak bi telefono zenbaki jarri ditu interesatuen esku, 94 402 02 14 eta 600 098 550, baita posta elektronikoko helbide bat ere: drogodependentzia@arrigorriaga.org. Izena emateko epea martxoaren 15ean itxiko da.

Arriba