Arrigorriaga

Arrigorriagako udalak euskararen erabilera indartu du herritarren artean

Alkatearen iritziz, urtez urte, gero eta euskara gehiago erabiltzen da herrian. Urte hasieran, 2.000 boltsa banatu dituzte merkatari eta bezeroen artean.

Gabonetan merkataritzaren sektorean euskararen erabilera hedatzeko abian jarritako kanpaina “arrakastatsua izan da; kontsumitzaileen eta merkatarien arteko harremanetan hizkuntza hau bultzatzen lagundu du, eta, ondorioz, baita Arrigorriagako herritarren artean ere”, adierazi du Alberto Ruiz de Azua alkateak. Ekimenak ‘Euskara Arrigorriagako Merkataritzara’ izena dauka, eta 2.000 poltsa banatu dira Arrigorriagako saltoki bakoitzean, besteak beste, fruta-dendetan, harategietan, zapata-dendetan eta opari-dendetan.

Aurtengo leloa, ‘Eraman Euskara Zurekin’, diseinatutako 2.000 elementuetako bakoitzean grabatu da. “Hedatze-uhina Arrigorriagako merkataritza-lokal guztietara iritsi da; izan ere, banatu ditugun eta beraien bezeroei eman dizkieten poltsak herri guztian ikusi dira”, esan du Arrigorriagako alkateak. “Onartu beharra daukagu euskara gero eta gehiago erabiltzen dela Arrigorriagako herritarren artean”, zehaztu du Ruiz de Azuak. “Udaletik –argitu du–, herriko saltoki guztiak zoriondu nahi ditugu, euskararen aldeko ekimenak gauzatzeko duten jarreragatik”. Era berean, Ruiz de Azuak iragarri du “ekimen gehiago egiteko aukera egongo dela”, eta, beraz, gonbit egiten die Arrigorriagako herritar guztiei “euskararen erabilera sustatu dezaketen jardueren proposamenak egin ditzaten”.

DENDEN IZENAK EUSKARATZEKO DIRU-LAGUNTZAK

Helburu berarekin, toki Administrazioak zenbait jarduera zehatz bultzatu ditu azken urteotan. Ekimen horien artean, honakoak nabarmendu daitezke: itzulpen zerbitzua, sektore eta talde desberdinen artean euskarazko materialak banatzea, merkataritzako errotuluak eta olanak euskaraz jartzeko laguntza ekonomikoak, eta euskara eskolak merkatarientzat.

Gaur egun, “gure herrian dauden saltokiei bertako kartelak itzultzeko laguntza ari gara ematen, horiek, gutxienez, gaztelaniaz eta euskaraz ager daitezen”, adierazi du alkateak. Merkataritzaren sektorean euskararen erabilera hedatzera zuzendutako kanpainak bat egin du Arrigorriagan dagoeneko finkatuta dauden eta filosofia bera duten beste plan batzuekin, hala nola, Berban Berban eta Berbalagun ekimenekin. Lehenengoaren kasuan, “programaren helburua da euskara era dibertigarrian eta gazteei interesatzen zaizkien jardueretan erabiltzea”, argitu du Ruiz de Azuak.

BERBAN BERBAN ETA BERBALAGUN

Berban Berban programak, Udaleko Euskara Sailak antolatutakoak, 12 eta 14 urte bitarteko gazteen bi talde ditu aurten, eta, guztira, 28 gazte daude. Ikasleak ostiral arratsaldean biltzen dira Abusu auzoan eta larunbat goizean Gaztegunean, eta hainbat jarduera antolatzen dituzte: irteerak patinatzera, Umeen Gabonetako Parkera, zinera, sukaldaritzako tailerrak, eskulanen tailerrak eta mozorroen tailerrak, besteak beste. Berbalagun, bestalde, Euskaltegiak diseinatutako programa da, eta solasaldiak antolatzen ditu ikasleen eta herriko pertsona ezagunen artean.

Arriba