Basauri

BIDEOA // La Baskonian babes ofizialeko 1.300 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu du SEPES-ek Basaurirekin

SEPES-ek 40 milioi euro inguru inbertituko ditu Lurzoruaren Erosketarako Eskaintza Publikoaren baitan 130.000 metro karratu erosi eta urbanizatzeko.

1.300era irits daiteke La Baskonia eremuan eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzen kopurua, oraindik horretarako datarik zehaztu gabe badago ere. Etxebizitza horiek 6 urte barrurako eraikita egongo direla, horixe Udalak jakinarazi duen bakarra, ez baitu proiektuaren amaierarako eperik zehaztu. Basauriko alkate Loly de Juanek azpimarratu du ezer baino lehen lantegiak eraitsiko direla, eta 2010aren azkenetarako lurren deskontaminazioa amaituta egotea aurreikusten dela.

{vimeo width=”600″ height=”337″}6590234{/vimeo}

Etxebizitza babestua sustatzeko inbertsio publikoa indartzen du hitzarmen honek, eta suspertze ekonomikoa bultzatzea eta langabeziaren aurka borrokatzea ditu helburu. Beatriz Corredor Etxebizitza Ministroak nabarmendu du operazio hau “hiri garapenetik, ekonomia iraunkorrak dakartzan erronkei aurre egitera bideratutako” gobernuaren estrategia baten baitan kokatu behar dela. Basauriko Udalak 3.000 metro karratu gordeko ditu alokairuko 60 etxebizitza inguru eraikitzeko.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Basauriko alkate Loly de Juanek, etxebizitza ministro Beatriz Corredorrek, Eusko Jaurlaritzako etxebizitza, garraio eta lan publikoetarako sailburu Iñaki Arriolak eta SEPES-eko lehendakari Marcos Vaquerrek. Bidebieta Irratiarenak ez diren arazo teknikoak tarteko, ezinezkoa zaigu bertan izandakoen esanak jasotzen dituzten audioak eskaintzea. Barka eragozpenak.
 

Arriba