Basauri

Sustraiak Fundazioak euskararen alde lan egitea eskatuko dio Basauriko gizarteari

Euskararen aldeko manifestua irakurriko du Sustraiakek gaur 20:30ean, Solobarria plazan. Manifestua sinatzen duten elkarte, denda eta norbanakoei landare bat oparituko zaie “euskararekin egin bezala, tantaz tanta, haz dezaten”.

Sustraiak Fundazioak gaur bertan, abenduaren 3an, egin du euskararen aldeko ‘Bai eguna’ ekitaldiaren deialdia, Solobarria plazan, 20:30ean. Ekitaldi xumea izango da Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko: euskararen aldeko manifestu bat irakurri eta publikoaren atxikimenduak eskatuko dituzte. Hala, 2009ko bukaeran eta 2010ean euskararen alde egiteko erantzukizuna hartuko dute sinatzaileek.

Sustraiak Fundazioak azaldu duenez, “datorren urteko azaroan, manifestua sinatuko dutenek fundazioan bertan aurkez dezakete euskararen alde egin dituzten ekitaldien zerrenda eta ekitaldi horien onespena frogatzen duen ziurtagiriren bat”.  Aurkeztutakoen artean, Sustraiakek euskararen alde egindako lanik onena sarituko du 2010eko abenduaren 3an egingo den ekitaldi batean. Gaurko ekitaldira hurbiltzen den orori landare bat oparituko zaio.

Arriba