Basauri

Basauriko ‘Ibaigane Zinema’ berriak egunero zabalduko du

basauri_ibaigane_kultur_etxea

Ibaiganeko Kultur Etxeko Ekitaldi Aretoa zine proiekzioetara bideratuko du Udalak esklusiboki. Kultur Basauriko langileek kudeatuko dute zinea.

Bilbondoren handitze proiektuak 8 zine aretoren itxiera ekarri du, eta bazirudien martxoaren amaieratik aurrera Social Antzokia izango zela Basauriko zine areto bakarra. Azkenean, ordea, ez da hala izango. Kultur Basaurik baieztatu duenez, “epe laburrera egunero zabalduko diren bi areto izango ditu Basaurik. ‘Ibaigane Zinema’ izango da zine areto berriaren izena, eta gaur egun Ibaigane Kultur Etxeko Ekitaldi Aretoa den gelan kokatuko da, beharrezko berritze-lanak egin ondoren.

”Udalak tokiko erreforma plan bat jarri du abian, eta plan horren arabera proiekzio kamera, soinu sistema eta zine pantaila berrituko dira”, aipatu gela esklusiboki zine proiekzioetarako egokitzeko helburuz. Ez da Ibaiganen zinea eskainiko den lehen aldia izango. 90eko hamarkadan areto bezala erabili zen behin edo beste.

Erabaki honen helburua basauritarrei antzerki, dantza, musika eta zine eskaintza zabalaz gozatzen jarraitzeko aukera ematea da. Zinema berriaren programazioa eta kudeaketa Kultur Basauriko langileen esku geratuko da; herriko sei Kultur Etxeen ardura dute langile horiek.

Social Antzokiaz eta Ibaigane Zinemaz gain, Pozokoetxeko Kultur Etxeak ere zinema proiekzioak eskainiko ditu. Formatu txikian bada ere, Zineklub Baskonia udal-ekimenak zine-ziklo ezberdin bat antolatzen du hilero.

SOCIAL ANTZOKIA BERRITZE LANENGATIK UDAN ITXITA

2010eko egitarau berriaren aurkezpenean, Social Antzokiko gerente Gerardo Ayok antzokia ekainetik aurrera itxita egongo dela baieztatu zuen, eta berritze lanak irailaren amaierarako edo urriaren hasierarako amaituta egotea espero dutela. Hala ere, zuhurtasunez jokatze aldera, antzokiak ez du inongo ikuskizunik lotu 2010eko sanfaustoetarako, balitekeelako lanak luzatzea. Social Antzokiko lanak Udalaren aurtengo aurrekontuko inbertsiorik handienetako bat dira -2 milioi euro-. Bilbondo Merkatal Guneko handitze lanak ere -bertako eskaintza eta zerbitzuak hobetzea helburu dutenak- datorren udan hasiko dira.
 

Arriba