Basauri

BIDEOA // Soloarteko futbol-zelaia irailean hasiko den denboraldirako prest egon liteke

Osasun Sailaren azterketak eta ‘Jokoak eta ikuskizunak’ baimena jasotzeak futbol-zelaiaren irekiera atzera lezakete. Bestetik, aste honetan jokatuko dira lehenengo partidak Basozelaiko futbol 7-ko instalazio berrietan.

“Denboraldi ofiziala hasterako prest egongo da futbol-zelaia”. Basauriko IMDko lehendakari Esteban Francosek horrelaxe baieztatu du, baina zehaztu du baimenak jasotzeak atzerapenak sor ditzakeela: “Baimenena da atalik korapilatsuena. Osasun Sailaz gain, ‘Jokoak eta ikuskizunak’ bezalako baimenak lortzeak futbol-zelaiaren irekiera atzeratu dezakete”. Hala ere, Bidebieta TVko bideoan ikus daitekeen bezala, Francosen ustez oso litekeena da irailerako egiteko guztiak  beteta egotea.

Basauriko alkate Loly de Juanek aurreratu zuenez, lurrazpiko aparkalekuko eta futbol-zelaiko lanak “aurreikusitako epeen barruan edo lehenago amaituko dira”. Esteban Francosek Bidebieta Irratiari eginiko adierazpenen arabera, 2009aren amaieran lanak 2011ko udaberrian amaitzea aurreikusten zuen Udalak.

{vimeo width=”600″ height=”337″}9827840{/vimeo} 

Soloarteko futbol-zelaiko harmaila nagusia orain arte bezala mantenduko da, eta alboetako harmailak, aldagelak eta joko-zelaia berrituko dira. Berrikuntza moduan, Soloarteko instalazioek Interneterako Wi-fi sarbidea izango dute, eta horrela emaitzak lehenbailehen bidali ahal izango dira Federaziora. Soloarteko futbol-zelaiaren irekierak eta Basozelaiko futbol 7-ko zelai berrituak “Basauriko talde guztien entrenamendu eta partida kopurua arintzeko balioko dute”.

BASOZELAIKO FUTBOL 7, HIRU KIROL ERAKUNDEK KUDEATUA

Hondarrezko zelai zaharrean ureztatze sistema berria, zelai artifiziala eta bost fokudun lau dorre jarriko dira, eta kirol-material guztia ere berritu egingo da –ateak, aulkiak, markagailuak eta hesiak-. Lanek zazpi hilabete iraun dute eta joan den azaroan amaitu ziren.

Joko-zelaiaz gain, bost aldagela –lau taldeentzat eta bat epaileentzat- dituen eraikina ere barrutik berritu da. Eraikinaren teilatuan dauden eguzki-plaken bidez berotuko da ura. Proiektu osoak 975.000 euroko aurrekontua izan du. “E-Planik gabe ez genukeen futbol-zelai hau izango. Lanek zazpi hilabete iraun dute, baina amaitu dira. Ez dugu instalazioak martxan jartzeko eguna atzeratuko. Erabiltzeko moduan daude”, aipatu zuen Francosek. Entrenamenduak eta hainbat talderen partidak aste honetan hasiko dira.

Basauriko hiru kirol erakundek kudeatuko dute Basozelaiko futbol 7-ko zelai berritua; momentuz, hamalau taldek jokatuko dute bertan: Baskonia futbol eskolako hamar taldek, Cooperativa Basauri eskolako hiruk eta Indartsu Club-eko batek. Martxoaren 3an bilduko dira Udaleko, Kirolerako Udal-Institutuko eta kudeatzaile berrien ordezkariak alde bakoitzaren eskubide eta betebeharrak arautuko dituen hitzarmena zehazteko. Etorkizunera begira, Basaurin sor daitezkeen futbol 7-ko taldeek ere instalazioak erabil ditzaten, hitzarmena zabalgarria izango da. Talde guztiei eskaini zaie instalazioen kudeaketan parte hartzeko aukera.

IRUARETXETAKO PARKE BERRITUA

Basauriko Udalak Iruaretxetako parkea ere berritu du, Tiro Zelaia bezala ezagunagoa dena. Basozelaiko pasealekutik parkera bitarteko espaloiak eta argiteria berritzeko lanak maiatzean hasi eta abenduan amaitu dira, eta E-Planaren baitan 835.000 euroko inbertsioa izan dute.

Arriba