Basauri

‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ kanpainak %25eko beherapena eskaintzen die basauritarrei

“Irakurri, Gozatu eta Oparitu” kanpainaren laugarren edizioa aurkeztu du Topaguneak. Irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, elkarlanean jarriko ditu herrietako Euskara Elkarteak, udal liburutegiak eta liburu dendak. Euskal Herriko 16 herritan gauzatuko da, hiru hilabetez, tartean Basaurin.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren laugarren edizioa aurkeztu du Bilbon. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa Hego Euskal Herriko 16 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko: Lehena, “Irakurri”, hau da, euskaraz irakurtzea. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea eta irakurtzea da lehen pausua. Bigarrena, “Gozatu”: liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta galdeketa fitxa bat bete beharko da. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Eta hirugarren pausoa, “Oparitu” liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 Euskara Elkarteko kidea izanez gero.

HIRU HILABETE, 16 HERRITAN

Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Esan bezala, 16 herritan egongo da martxan kanpaina hau datozen hiru hilabeteotan, tokian tokiko Euskara Elkarteek sustatuta:
– Araban: Laudio (Basalarrina)
– Bizkaian: Santurtzi (Bai Esan), Durango (Berbaro), Ermua (Euskal Birusa), Basauri (Euskarabila), Zaldibar (Eixu)
– Gipuzkoan: Tolosa (Galtzaundi), Deba (Zuhatza), Lazkao (Goierriko Euskal Eskola), Andoain, Asteasu, Amasa-Villabona (M. Larramendi), Urnieta (Inistorra – M. Larramendi)
– Nafarroan: Irurtzun (Aizpea), Lizarra (Garean), Etxarri Aranatz (Udal Liburutegia)

Arriba