Basauri

Jon Unzueta durangarrak irabazi du Euskarabilaren Ipuin Erotikoen 15. Lehiaketa

Bigarren saria Itziar Abad gasteiztarrarentzat izan da. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 8an ospatuko da Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxean. Basauriko onenari saria ez da eman.

Jon Unzueta Ajuria durangarrak idatzitako Absentzien kronika izan da Basauriko Euskarabila Elkarteak antolatutako Ipuin Erotikoen 15. Lehiaketan lehen saria jaso duen lana. Uxue Alberdik, Harkaitz Zubirik eta Rafa Ugaldek osatutako epaimahaiaren iritziz, “tragikoa baina literarioa den lan honek Eros eta Tanatos jartzen ditu batera. Pertsonaiaren psikologian sakonduz eta belaunaldi baten erretratoa eginez istorio bat kontatzen du, eta istorio horren barruan integratu du sexu eszena”.

Bigarren saria Itziar Abad Ramirez gasteiztarraren ‘Buenos Airesen, 2001eko abenduaren 19an’ lanarentzat izan da. “Kontestu historiko bati lotua, istorio indibiduala eta soziala ondo uztartzen ditu, eta istorioa sinesgarritasunez iristen da sexu harremanetara”, azaldu du epaimahaiak. Bestalde, aurten ez da Basauriko onenarentzat saririk eman.

33 IPUIN ETA BASAURIKO SARIRIK EZ 

Guztira hogeita hamahiru ipuin aurkeztu dira Ipuin Erotikoen 15. Lehiaketara; hamalau Gipuzkoatik iritsi dira, hamahiru Bizkaiatik, lau Arabatik eta bi Nafarroatik. Sari banaketa ekitaldia Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxean izango da ekainaren 8an arratsaldeko 19:30ean. Imanol eta Mattin Epeldek Komuneko paperean errezitaldia eskainiko dute bertan. 

Arriba