Basauri

”Herriari zertan sartuta dauden ezkutatu nahi ote dioten” galdetu dio Euskarabilak Sustraiaki

basauri_sustraiak_fundazioa_presentacion
2010ean Sustraiak Fundazioak 373.000 euro jaso ditu tradizio euskaldunak mantendu eta normalizaziorako bidean euskararen erabilera bultzatzearen alde lan egiteko. Zenbait kultur eragilek salatu dutenez, Sustraiakek ez du beraiekin bildu nahi izan elkarlanerako bideak jorratzeko eta Fundazioak burutzen duen lana zalantzan jarri dute.

JAITSI EUSKARABILAREN OHARRA. 1996az geroztik Basaurin euskararen alde lanean diharduen Euskarabilak euskal kultura eta euskara sustatzeko Sustraiak Fundazioak egiten duen lanaren inguruan “errespetu falta” eta “axolagabetasuna” salatu ditu. Gizartearen aurrean aurkeztu zenean adierazitakoaren arabera, fundazioaren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea eta gizartean haren normalkuntza lortzea da, euskal ohiturak mantentzearekin batera.

Euskarabilak azaldu du urteetan zehar herriko hainbat gizarte eragilerekin elkarlanean jardun dutela eta halaxe jarraitzen dutela orain ere. Hori dela eta, Sustraiak Fundazioak burutuko zuen lanaren inguruan interesa agertu zuten urte hasieran . “Edozein zalantza argitzeko, Basauriko Udalarekin eta Sustraiak Fundazioarekin bilera bat eskatu genuen martxoan. Erantzunik jasotzen ez genuenez, maiatzean berriz egin genuen eskaera, baina gaur gaurkoz erantzunik jaso gabe jarraitzen dugu”, diote Euskarabilako arduradunek Merkat Bernaola Sustraiak Fundazioko lehendakariak Bidebieta TVri emandako elkarrizketaren harira. Sustraiak Fundazioa Sustraiak Kultur Elkarteak, Basauriko Udalak eta Xibiri Euskara Elkarteak osatzen dute.

 

EUSKARABILAK GAIZKIULERTUAK ARGITZEKO ESKAERA EGITEN JARRAITZEN DU

Euskarabilak zehaztu duenez, 2010erako euskararako aurreikusita zeuden 490.000 eurotatik 373.000 Sustraiak Fundazioari zuzendu zizkion gobernu taldeak. Bi erakundeen aldetik inolako jakinarazpenik ez jasotzean, Euskarabilak honakoa azaltzeko eskatu dio Sustraiaki: “Euskararen sustapena eta normalizazioa non dauden, euren eskaerei zergatik ez dien erantzuten, ardura faltagatik ote den, errespetu faltagatik agian, edo funtsean herriari non sartuta dauden ezkutatu nahi ote dioten”.

Basaurin euskararen inguruan sortu diren desadostasunek hizkuntzaren normalizazioari kalte egiten diotela gaineratu dute eta horregatik, erantzuna dena delakoa izanda ere, Euskarabilak biltzeko, hitz egiteko eta edozein gaizkiulertu argitzeko eskaera egiten jarraitzen du, Basaurin euskararen onerako.

Arriba