Basauri

Jon Arretxek abestu egingo du argitaratuko duen disko-liburu berrian

Autore basauriarrak datozen asteetan kaleratuko duen liburuak testuak, margoak eta, aurrenekoz, kantak jasoko ditu. Erein argitaletxeak kaleratuko du ‘Zazpi kolore’ lanaren ildoa jarraitzen duen disko-liburua.

Jon Arretxeren hurrengo lana disko-liburua izango da. ‘Kilkerren soka’ egitasmoaren baitan ‘Sustrai beltzak’ narrazio bilduma Iruñean aurkeztu zuenean aurreratu zuenez, bere hurrengo lana disko-liburu bat izango da, 2000. urtean kaleratu zuen ‘Zazpi kolore’ bidaia-liburuan oinarritua. “Zazpi kolorek bi zutabe ditu, eta hirugarrena falta zaio”, azaldu zuen, “batetik testuak ditu, nire bidaia guztietako momentu berezienak sentimenduka sailkatuta. Bigarren zutabea koloreena litzateke, ilustrazioena. Eta beti iruditzen zitzaidan hirugarren zutabea falta zela, musikarena alegia”.

Baina betiko arazoa aurkitzen zuen aurrean. “Zein argitaletxek ateratzen dizu gaur egun disko-liburu bat? Arriskua oso handia da”, zioen. Azkenean ordea, aurkitu du horretarako bidea. Gasteizen bizi den konpositore oiondar batek kolore bakotzetik testu bat hartu eta testu horri musika jarri dio; guztira zazpi abesti, kolore bakoitzeko bat, piano eta ahotserako konposatuak. “Abesti horietako bi Olatz Saitua sopranoak abestu ditu, beste bi beste tenore batek, beste bi neronek, eta zazpigarrena hiruron artean kantatu dugu”. Beharbada bat baino gehiago harrituko da Arretxe kantari topatzean baina, argitu zuenez, txikitatik da musikaria eta azken urteetan Bilboko Opera Koruan abestu du.

Erein argitaletxearen eskutik kaleratuko da disko-liburu hau bizpahiru aste barru. “Sekulako ilusioa daukat lan honekin”, aitortu zuen idazle basauriarrak.

Arriba