Basauri

Udala eta Udal Euskaltegia ez datoz bat irakasle baten kontratua ez berritzearekin

Orain bost urte errelebo kontratua betetzeko oposaketaz hartutako irakasle bati gaur bukatu zaio kontratua. Udalak esan du PNV eta LABek eskatutako informe juridikoaren zain daudela eta posible dela irakaslea berriro kontratatzea.

Herenegun, Udal Euskaltegiaren batza artezkarian duela bost urtetik errelebo kontratuan zegoen langile bat lanpostuz aldatu eta hemendik bost urtera finko egiteko konpromezua adierazi zuen Arantza Osornok, euskaltegiko lehendakari eta udaleko zinegotziak. Horren legezkotasunaren zalantzak zirela eta, lege aholkulariari galdetzekotan geratu ziren.

Udalak adierazi duenez, LAB sindikatuko Asier Arana, Udal Euskaltegiko langileen ordezkaria eta bertako irakaslea, eta Jasone Valle, EAJko ordezkaria, izan dira txosten juridiko bat eskatu dutenak, “bost urteko errelebo kontratuaren ostean, irakasle hori fijo egitea legezkoa den ziurtatzeko”.

Udal Euskaltegitik modu anonimoan bidalitako prentsa oharrak jasotzen duenez, “gaur goizean langile horri despido gutuna eman zaio, atzo deitutako beste irakasle bati kaleratutako irakasleak ematen zituen klaseak emateko kontratua eskaintzeaz batera. Irakaslea berritzeko konpromisoa agertu zuen Udalak, baina ez du bete”.

Udalak dio ez dela kaleratzerik izan, baizik eta “kontratu bukatu egin zaio eta txosten juridikoaren zain gaude, eta ez dugu baztertzen ikasleen artean oso estimatua den irakaslea berriro kontratatzea”.

IAZTIK, IRAKASLE FALTAN KEXU

Udal euskaltegiko langileen kexuetako bat da irakasle falta eta egoera horrek eragin dituen gabeziak. Izan ere, 2010eko udazkenean aurrematrikulatutako ikasle taldeak desegin behar izan ziren Udalak irakasleak kontratatu ez zituelako: “Orain lankidea kaleratu dute haien konpromezu tinkoa janda, euskaltegiak ikasleak kalean utzi dituen urtean”.

Horiek horrela, modu anonimoan bidalitako prentsa ohar batean adierazi da, Udal Euskaltegiko zuzendari den Josune Barrenak, jazarpen akusazioa eginda, langileen ordezkariari bi salaketa jarri dizkio atzo eta gaur artean. Udalaren esanetan, salaketa “iranak eta mehatxu larriengatik” jarri da.

Arriba