Basauri

Ameba Kultur Elkarteak Bidebieta Irratiaren 15. urteurrena ospatuko du Social Antzokian

bidebieta_irratia_15_urte_aniversario_skyline

Ostiralean, azaroaren 23an, ospatuko du Ameba Kultur Elkarteak Bidebieta Irratiaren 15. urteurrena. Halaber, La Basconia fabrikari buruzko eta Basauriko zinemen historiaren inguru dokumentalak estreinatuko dira, baita Bidebieta Kultura proiektua ere.

Hurrengo azaroaren 23an Basauriko Ameba Kultur Elkarteak Bidebieta Irratiaren 15. urteurrena ospatuko du. 1997an sortu zenetik kudeatzen du elkarteak herri irratia. Social Antzokian La Basconia fabrikari eta Basauriko zine aretoei buruzko bi dokumental estreinatuko dira eta Bidebieta Kultura proiektua aurkeztuko da, herriaren historia, folklorea, euskara eta nortasuna landuko dituen webgune multimedia.

Dokumentalak Jon Villapun (Basauri, 1984) Bidebieta Irratiko kazetariak egin ditu, Amaia Goikoetxea, Garikoitz Grijalbo eta Leire Palaciosen laguntzaz. ‘La Basconia, herri baten arima sendotu zuen beruna’-k 80 urtez basauriar askori lana eman zien fabrika ezagunaren historia kontatzen du, herriaren eraldaketan eta hazkundean lagundu zuena. ‘Basauri, zazpigarren artearen herria’-k, aldiz, Basauriko zine aretoei buruz dihardu. Udalerriak 60.000 biztanle baino gehiago sekula izan ez dituen arren, bost areto izatera iritsi zen herritarren zaletasun handia medio. Dokumentalak euskaraz zein gazteleraz egin dira eta belaunaldi ezberdinetako basauriarren adierazpenak biltzen dituzte: Román García, Dionisio Renteria, Aniana Colino, Pedro Kareaga, Iñigo Alzola, Félix Díez, Enrique Cantera edo Jose Miguel Gaztelu ‘Desmond’.

 

Bidebieta Kultura, sustraiak oroituz


Bidebieta Irratiaren 15. urteurrenak Ameba Kultur Elkartearen proiektu multimedia berria aurkezteko ere balioko du: Bidebieta Kultura. Dokumental, elkarrizketa, bideo-erreportaje, albiste eta argazki zein dokumentu historikoen artxiboen bidez Basauriren historia, folklorea, euskara eta nortasuna landuko dituen webgunea da. Azaroaren 23an estreinatuko diren bi dokumentalak ere bere baitan hartuko ditu Bidebieta Kulturak.

 

Webgunearen edukiak euskara hutsean argitaratuko dira eta estreinaldi honetan Sanfaustoak, CD Basconiaren mendeurrena, Atlético Balonmano Basauriren 25. urteurrena edo Eusebio Zamacolaren istorio harrigarria bezalako gaiak jorratuko ditu. Zamacola iragan mendean Argentinara emigratu zuen basauriarra izan zen, bertan bidelapur ospetsu eta maitatua bilakatu zena.

 

Román García historialariari eta Bego Jauregizar Arizko Ikastolako irakasle ohiari egindako bideo-elkarrizketak ere ikusgai izango dira. Jauregizarrek Basauriko euskarazko irakaskuntzaren lehen pausoak gogoratuko ditu. Bidebieta Kulturan Ameba Kultur Elkarteak herriko 7 eta 9 urte bitarteko ikasleei urtero ematen dizkien irrati eta telebista ikastaroen laburpenak ere ikusgai egongo dira. Basauriko elkartegintza eta euskara, Eskarabillera eta Baskonia Mendi Taldeari buruzko erreportaiak ere abian dira.

 

Proiektu berri honetan oso garrantzitsua izango da basauriarren partaidetza. Ahal bezain argazki artxibo erakargarriena guztion eskura izateko, Ameba Kultur Elkarteak aspaldiko argazkiak info@bidebietairratia.com helbidera bidaltzea eskertuko du, urtea eta lekua adierazita. Proposamenak, eskakizunak eta informazioa jasotzea ere onartuko da, helburua proiektuaren transbertsalitatea ahalik eta handiena izatea baita.

 

Azaroaren 23an, sesio bikoitza Social Antzokian


Arestian esan bezala, bai Bidebieta Kulturaren aurkezpena, bai dokumentalen estreinaldia, hurrengo azaroaren 23an, ostiralean, izango dira Basauriko Social Antzokian. Bidebieta Irratiaren 15 urteak laburbilduko dituen bideo baten ostean, Bidebieta Kulturaren aurkezpen arina egingo da, proiekzioen bitartez. Jarraian bi dokumentalak izango dira ikusgai. Ekitaldia Jon Villapunek gidatuko du, Ameba Kultur Elkartearen koordinatzaile nagusi eta dokumentalen egile moduan.

 

Goizeko hamaiketan lehen deialdia izango da, euskara hutsean eta herriko ikasle gazteei soilik zuzendutakoa. Arratsaldeko zazpi eta erdietan, berriz, ekitaldi nagusia ospatuko da,  kasu honetan herri guztiari zuzendua, Social Antzokia bete arte. Arratsaldeko aurkezpenak euskara eta gaztelera uztartuko ditu, baina dokumentalak gazteleraz proiektatuko dira. Bai goizean bai arratsaldean, Social Antzokira hurbiltzen direnei oparitxo bat emango zaie bukaeran.

 

 

Ameba Kultur Elkartea, 1996tik Basaurin lanean


Elkartea 1996an sortu zen Basaurin kulturan, komunikazioan eta euskararen normalizazioan bere ekarpenak egiteko. 1997an Bidebieta Irratia sortu zen. Hasiera-hasieratik Ameba Kultur Elkarteak kudeatu du irratia, azken urteotan aurrerapauso handiak eman ditu eta Nerbioi Ibaizabal eskualdeko albisteak jarraitzeko erreferentzia bilakatu da. 2008an Ameba Kultur Elkarteak bi fm sortu zuen, espainiar estatu osora zuzendutako online irrati musikala.

 

2009an Ameba Kultur Elkartea Nerbioi Ibaizabal eskualdeko hainbat eskoletan 7 eta 9 urte bitarteko haurrentzako irrati eta telebista ikastaroak ematen hasi zen haurren ahozkotasuna, komunikazio gaitasuna eta euskara hobetzeko asmoz.

 

Ameba Kultur Elkarteak erlazio hertsia izan du Basauriko euskara elkarteekin. Euskarabila eta AEKrekin hainbat kolaborazio izan ditu. El Social aldizkaria euskara hutsean argitaratu zenean hainbat ekarpen egin zituen urteetan zehar. Basaurin Korrikaren laguntzaile izan da, Udalaren Euskararen Aholku Batzordeko kide (1999-2007 eta 2011tik aurrera) eta Arizko Ikastolaren laguntzaile Pirri-Parra umeen irrati saioa Bidebieta Irratiaren bitartez hedatzeko.

 

2010etik Ameba Kultur Elkarteak Sanfaustoetako unerik onenak bideo bilduma batean jasotzen dituen DVDa kaleratzen du urtero. 2012an, Social Antzokiarekin eta Nuncamas! elkartearekin batera, MAZ Basauri musika alternatibo zikloa antolatu du.

 

Basauriko kulturarekiko, euskararekiko eta komunikazioarekiko daukan hurbiltasuna biribiltzeko proiektu konkretu bat abian jartzea falta zitzaion Ameba Kultur Elkarteari. Eta horixe da Bidebieta Kultura. Bien bitartean, Bidebieta Irratiak Basaurin gertatzen den guztiaren inguruko berri ematen jarraituko du.

 

BIDEBIETA IRRATIA 15 URTE ETA BIDEBIETA KULTURAREN AURKEZPENA

Eguna: Ostirala, azaroak 23.
Ordua: 19.30.
Lekua: Basauriko Social Antzokia.
Doako sarrera antzokia bete arte.

 

-Bidebieta Irratiaren 15 urteen laburpena.
-Bidebieta Kulturaren aurkezpena.
-‘La Basconia, herri baten arima sendotu zuen beruna’ eta ‘Basauri, zazpigarren artearen herria’ dokumentalen estreinaldia (gazteleraz).

Bukaeran oparitxo bat emango zaie antzokira datozenei

 

Informazio gehiago:
www.bidebietairratia.com
www.facebook.com/bidebieta.irratia
Twitter: @bidebieta #bidebieta

 

Arriba