Basauri

BIDEOA // Korrika 18 martxoaren 21eko gauean helduko da Basaurira

basauri_korrika_18_aurkezpena

Atzerapenik egon ezean, gaueko 23:15ean pasako da Korrika 18 Basauriko kaleetatik. Bolintxu AEK-k martxan jarri ditu Basauriko Korrika antolatzeko bilerak eta Korrika Kulturala osoatzen duten ekintzak aurkeztu ditu.

Martxoaren 21eko gauean helduko da aurtengo Korrika Basaurira, hain zuzen ere, 23:15ean pasatuko dela estimatu dute antolatzaileek. 2013ko martxoaren 14an Andoainen hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. 11 egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamazortzigarrenez, martxoaren 24an Baionara heldu arte. Urtero legez, Bolintxu AEK da antolatzaile Basaurin eta aurtengo ibilbidea iragarri du: Urbitik sartu, Ariz auzora pasa, ondoren herriaren erditik igaro, Kalerotik udaletxera eta Nagusia kaletik beherantza, Arizen buelta, MerkaBilbao zeharka eta San Migel amaituko da ibilbidea, Basauriri dagokionez. Joan den asteazkenean, urtarrilaren 30ean, aurkeztu zuten Korrika 18 Basauriko Ibaigane Kultur Etxean. Ehun bat lagun bertaratu ziren. Korrikaren ibilbidearekin batera, Korrika Kulturalaren ekitaldir guztien berri ere eman zuten.

 

 

“EMAN EUSKARA ELKARRI”, LEMA


Korrika 18ren aurtengo leloa “Eman euskara elkarri” da eta euskaldunon artean elkarri hitz egiteko, entzuteko eta ulertzeko hizkuntza izan behar duela aldarrikatzen du. “Dakienak ikasi nahi duenari irakatsi, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera eman, agintariek herritar orori ikasteko bideak erraztu. Denok dugu zeresana eta zeregina. Euskara denona da eta denontzat izan behar du. Kohesiorako lehengaia eta tresna”, esan dute antolakuntzaileek. Hala, AEK-ko kideek hizkuntza eta kultura bizien arteko bizikidetza aldarrikatzen dute, “eta munduarentzat defendatzen dugun kultura aniztasunak bertako aberastasunaren errespetuan eta sustapenean oinarritu behar duela deritzogu”.

Arriba