Basauri

BIDEOA // Sei kalejira koloretsu antolatu ditu Basaurin Be Bagarak abenduan 1erako

Abenduaren 1ean sei kalejira koloretsu izango dira, Solobarria plaza denon elkargunea izango delarik. Aurtengo erronka euskara auzo guztietara zabaltzea eta herri osoa zeharkatzea izango da. Gainera, Basauri 365 egunez euskaraz bizi nahi duela ere aldarrikatu nahi da.

Euskararen Nazioarteko Egunari begira, Basaurin Be Bagara herriko plazara aterako da beste behin ere. Aurten, “jai giroan euskaldunon topagune izango den beste ospakizunen bat egiteko gogoa badago“, adierazi dute Basaurin Be Bagara-tik. Ez da iaz izan zen ospakizun bera izango. Elkartetik azaldu dutenez, “ez da 12 orduz plaza bakar batean ospatuko den jaia izango, iraupenez laburrago, baina aldi berean auzo guztietara zabaldu eta herri osoa zeharkatzea izango du erronka“.

Abenduaren 1ean Solobarria plazan elkartuko dira Basauriko euskaltzale eta euskaldunak. Bertara heltzeko baina, sei ibilbide ezberdin egongo dira auzo ezberdinetatik abiatuta. Kalejira bakoitzak bere kolorea izango du, eta norbera bizi den kalearen arabera, dagokion kolorea jantzi beharko du.

Euskarabila, Euskaldunon Elkartetik ibilbideak auzolanean atontzeko deia luzatu dute. Etxeko leihoak eta balkoiak, komertzioak eta lonjak puxikekin, izarekin edo arropekin janzteko gonbitea egin dute, erabaki “merkea eta ikusgarria” delarik. Nahi izanez gero, Euskarabilak “Euskaraz bizi nahi dut” banderolak salgai jarriko ditu hiru euroren truke azaroaren 22ra arte euren egoitzan.

BASAURIN “EUSKARAK 365 EGUN”

“Basaurin Be Bagarela” erakusteaz gain, “Euskarak 365 egun” dituela ere aldarrikatu nahi da, hau da, euskaldunak euskaraz bizi nahi duela edozein auzotan egonda eta edozein egun izanda ere.

San Migel izan da Basauriko lehenengo auzoa 365 baietz lortzen. Joan den irailaren 29an Euskarabilak eta Mikelats Elkarteak San Migelen 365 baietz! erronka aurkeztu zuten Pinceles parkean, eta baita airez gainditu ere. Ekitaldiaren helburua 365 euskaltzalek 365 metroko ibilbidea egitea zen, ondoren  pertsona bakoitzak ibilaldia bukatu eta gero jasotzen zuen puzzle zatiekin 365 piezako puzzle bat osatzeko. Guztira 389 lagunek parte hartu zuten. Ospakizuna parte hartu zuten euskaldun taldearen argazkiarekin amaitu zen, egindako puzzlearekin batera.

BANDEROLAK ETA PINAK EROSTEKO ORDUTEGIAK

Azaroaren 22ra arte, Euskarabilaren egoitzan izango dituzue banderolak eta pinak eskuragarri, hurrengo ordutegian: astelehenetik asteazkenera 15:00etatik 21:00ak arte, eta ostegun eta ostiraletan 09:00etatik 15:00ak arte. Bulegora etortzerik ez duenak aukera dauka materiala email bidez (euskarabila@topagunea.com) edo telefonoz (617 601 111) ere eskatzeko.

 

Arriba