Basauri

80 lagunek euskara erabiltzen dute Basauriko Berbalaguni esker

Euskaraz hobeto hitz egitea eta konfiantza hartzea dira Berbalagunen helburu nagusiak. Basauriko Udalak, AEKk, Udal euskaltegiak eta Hizkuntz eskolak elkarlanean martxan jarri duten egitasmoak lortu du laurogei lagun astero dinamika honetan aritzea.

Basaurin laurogei bat lagunek astero parte hartzen dute Berbalagun egitasmoan euren euskara hobetzeko asmoz. Partehartzaileak orotarikoak dira: euskera dakitenak baina hitz egiteko konfiantzarik ez dutenak, euskara ikasleak, euskaraz trebatu nahi dutenak, euskaraz irakatsi nahi dutenak, besteak beste. Laburrean esanda, Berbalagun egitasmoak euskara praktikatzeko eta bizitzeko aukera ematen du.

Antolatzaileek Joxean Artzeren esaldia erabili dute, “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak erabiltzen ez duelako baizik”. Hala ere, askotan, hainbatentzat ezinezko izaten da euskaraz naturaltasunez aritzea kalean eta haien bizitzetan; batetik ez direlako inguru euskaldun batean bizi, bestetik lotsa sentitzen dutelako”.

Berbalagunen dinamika honako hau da: partehartzaileak bost edo sei laguneko taldeetan elkartzen dira, taldeak berak aukeratutako orduan, tokian eta egunean. “Gutxienekoa astean ordu bat izaten da”, zehaztu dute. “Edozeinek har dezake parte, betiere euskaraz hitz egiteko gutxieneko maila badu”.

Horrela, bai euskara ikasten dabiltzanei, bai euskaraz ondo hitz egiten dutenei zuzenduta dago Berbalagun. “Beraz, euskara hobetu nahi duten pertsona guztiek, konfidantza hartu nahi dutenek edo euskaraz ondo moldatzen direnek eta berba egin nahi duenari laguntzeko prest daudenek Berbalagunen parte har dezakete”, azaldu dute.


TALDEEN DINAMIKAN LAGUNDUKO DUTEN EUSKALDUNEN BILA


 

“Basaurin hainbat dira egitasmoan parte hartzen dutenak, baina gehiago izan nahi dute”. Izan ere, ezin dugu Berbalagun euskara ikastearekin soilik lotu, euskaldunak behar ditugu, heldu zein gazte, talde horien dinamikan laguntzeko eta hala Basauri apurka-apurka euskalduntzeko”.

Basauriko Udalak, AEKk, Udal euskaltegiak eta Hizkuntz eskolak elkarlanean martxan jarri duten egitasmoa. Berbalagunen parte hartu nahi dutenek honako toki hauetara jo dezakete:

Berbalagun
– Tlf.: 601 14 68 55
– hegouribe@aek.org

Udaleko Euskara Atala
– Tel.: 94-4666312
– euskera@basauri.net

Basauriko euskaltegiak
– AEK: 94 440 82 64
– Udal Euskaltegia: 94 440 62 17
– Hizkuntza Eskola: 94 426 68 81

Arriba