Basauri

Geuria, Hego Uribeko euskarazko herri komunikabidea martxan da gaurtik aurrera

basauri geuria 1

 

Hilabetekaria eta webgunea dira medioaren euskarriak. Basauri, Galdakao, Arrigorriaga, Etxebarri eta Zaratamon banatuko da aldizkaria eta herri guztietako gaiak jorratuko dira. Hilero erredakzio bilera irekiak egingo dira herritarren partaidetza sustatzeko.

Geuria, Hego Uribeko herri komunikabide berriak dagoeneko argia ikusi du. Atzo aurkeztu zen Ibaigane Kultur Etxean jende andanaren aurrean. Hego Uribe eskualdera zuzendua, bi euskarritan lan egingo du: hilero argitaratuko den aldizkarian eta horren atari digitalean. Proiektu “sendo” eta “iraunkorra” sortzea dute helburu arduradunek, gero eta euskaldunagoa den eskualdean. “Proiektu berri bati ekiteko  beharrezkoa da aurretik ibilbide berdina egin dutenen lorpenak eta akatsak ezagutzea. Horiek ezagutzen saiatu gara eta orain bidea egitea dagokigu. Langileon esku dago egunerokoan jardutea, baina guztion laguntza beharrezkoa da urteetan luze irauteko“, azaldu zuen Jon Villapún Geuriako zuzendariak.

Euskaldunentzat gertuko tresna izan behar du komunikabideak, auzotarrek erabili behar dute, eta, horretarako, erakargarria eta kalitatezkoa izan behar duela uste dugu“, adierazi zuten arduradunek aurkezpenean. Hantxe lehen alea aurkeztu zuten eta webgunearen nondik norakoak azaldu zituzten. Aurkezpenean hizlari izan ziren Jon Villapún, Geuriako zuzendaria; Leire Palacios, kolaboratzaileetako bat; eta Andoni Busquet, Basauriko alkatea. Izan ere, Basauriko Euskara Aholku Batzordetik sortu da egitasmoa, Udalak diruz babestuta.

Basaurin jaio den arren, eskualdeko izaera du egitasmoak eta hurrengo hilabeteetan hedatzea du helburu, baita jendearen parte hartzea handitzea ere. “Hala ere, gaurtik hasita Galdakaon, Arrigorriagan, Etxebarrin eta Zaratamon ere banatuko dugu aldizkaria“, adierazi zuten. Hilero 10.000 ale banatuko dituzte. Hasiera batean, herri guztietako udaletxeetan eskuragai egongo da, baita Basauriko Kultur Etxe, eskola, euskaltegi eta abarretan ere.

Aurreneko alean ikus daitekeenez, lau atal izango ditu aldizkariak: albisteak jasoko dituen Herriak atala; Iritziak, herritarrek bidalitako gutunak eta kolaboratzaileen idatziak bilduko dituena; Agenda; eta Aisia. Era berean, erreportajeak eta elkarrizketak ere landuko dira. Berezitasun modura, kontrazalean portada ilustratua izango du Geuriak.

ERREDAKZIO BILERA IREKIAK HILERO


 

Bi langilek osatzen dute egitasmoaren enborra, baina hilero erredakzio bilerak deituko dituzte. Kolaboratzaileez gain, zerbait esateko duten herritarrak ere gerturatu dira lehen bileretara. “Langileen lana funtsezkoa da hedabideari jarraikortasuna eta sendotasuna emateko, baina erredakzio bileretatik sortzen diren gai zerrendek izan behar dute komunikabidearen arima“, azaldu du Jon Villapúnek. Bilerez gain, ohiko bideak ireki dituzte herritarren iritziak jasotzeko, hala nola, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia. Hala, komunikabideak jendearen parte hartzea sustatu nahi du, “askotariko iritzi eta ekarpenekin hedabide aberatsagoa izango baitugu eskuartean“.

HEGO URIBEKO EUSKALDUNON DATU BASEA


Eskualdeko euskaldunengana zuzenean jo nahi du Geuriak, eta helburua lortzeko lehen pausoa Hego Uribeko euskaldunen datu basea sortzea da. Horrela, izena ematen dutenei etxera zuzenean bidaliko zaie aldizkaria hilero. Interesatuek izen-abizenak, helbide elektronikoa, etxeko helbidea eta telefono zenbakia bidali beharko dituzte info@geuria.net helbidera.

GEURIAREN AURREKARIAK HEGO URIBEN


 

1987. urtean Basauriko lehenengo aldizkaria plazaratu zen: El Social. Gaztelaniaz idazten zen, baina bederatzi urteren buruan, euskaraz eginiko gehigarria aurkeztu zuen, Berbaz izenekoa. Hiru urteko biziraupena besterik ez zuen izan (1996-1999). Izan ere, sortu zen urte berean Bost Axola aldizkariak argia ikusi zuen. Argitalpen honek bi aldi izan zituen: lehenengoa, 1996ko martxotik azarora bitartekoa, eta bigarrena, 1997ko maiatzean hasi eta 1998ko apirilera artekoa. Euskarazko hedabiderik gabeko bi urteko parentesiaren ondoren, 2000. urteko abenduan, Asier Lejarza El Social-eko arduradunak euskara hutsezko herri aldizkaria kaleratu zuen, bere aurrekarien alde positiboak eta negatiboak kontutan hartuta. 2004ko ekainean, ordea, betiko itxi zen El Social, Basauriko aldizkaria.

 

2003ko abenduan, Arrigorriaga, Arrankudiaga, Ugao eta Zaratamori buruzko informazioa biltzen zuen Artandape hilabetekaria jaio zen. Arrigorriagako Abarrak Kultur Elkartea zen arduraduna eta 5.000 ale argitaratzen zituzten hilero. 2005eko martxoan, ordea, aldizkaria argitaratzeari utzi zion Abarrakek, uste baino diru gutxiago jaso zutelako erakundeengandik eta zor handia zutelako. 2010eko urrira arte, Basaurik ez zuen berriro euskarazko aldizkaririk izan. Garai hartan, Sustraiak Fundazioak aldizkari berria argitaratu zuen: Berbaz. Bizkaiera erabiltzen zuten euskara batuaren ordez. Hamabi zenbaki kaleratu eta gero, -2012ko urtarrilean, alegia- agur esan zuen. Hortaz, bost izan dira orain arte Hego Uribeko eskualdeak izan dituen euskarazko hedabideak.

Arriba