Basauri

‘Euskararen zaporeak’ jasoko dituzte Basaurin abenduaren 3an

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Hego Uribeko udalerriek ekintza mordoa antolatu dituzte euskal hiztunak motibatzeko helburuarekin.

“Euskararen zaporeak” ekimena prestatu du Basaurin Udalaren Euskara Sailak. Jarduera horren bidez herritarrek euskararekin duten harremana jaso eta herritarren ahoan jarriko du: “Horretarako, txiklea erabiliko dugu. Txiklea ahoan sartu eta euskarari zein zapore hartzen dioten adieraziko dute herritarrek”. Karpa bat jarriko dute Ibaigane Kultur Etxean 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Bertan txikle makina eta photocall bat egongo dira. Txikle makinatik bolatxo bat atera, photocallean jarri eta kamara aurrean euskarak sentiarazten diena transmitituko dute parte-hartzaileek, banaka, bikoteka zein taldeka Bertaratu ezin dutenek Udaleko web gunetik photocallaren irudia deskarga dezakete eta bideoa etxean grabatu. Bideo guztiekin muntaia egin eta sarean eskegiko du Udalak.

Abenduaren 3a iritsi bitartean, halaber, Basauriko eraikin publikoek –hala nola, Marienea, Kultur eta Gizarte Etxeak eta kiroldegiak- euren itxura aldatuko dute eta pankartak jarriko dituzte “Euskaraz bizi gura dot” leloarekin. Udalak eskolei eskainiko die lema formatu ezberdinetan, ikasleek txapak edo kartelak egin eta Euskararen Eguneko ospakizunetan erabil ditzaten.

Arrigorriagako Lehen Hezkuntzako ikasleek, adibidez, azaroaren 27 eta 28an “Zuztarretatik ahora” eta “Hitzetan blai” tailerretan parte hartuko dute. Institutuko ikasleek “Erdaldun berrien kluba” eta “Jauzi hirukoitza” antzezlanak ikusiko dituzte Lonbo aretoan abenduaren 1ean eta 2an, hurrenez hurren. Abenduaren 3an, “Joko Aut” lana antzeztuko dute Lonbo aretoan.

Etxebarriko Euskara Zerbitzuak, herriko elkarte batzuen laguntzarekin, gazteei zuzendutako kirolak, tailerrak eta jolasak antolatu ditu herriko frontoian hilaren 3rako: 17:00etan herri kirolak eta txapak egiteko tailerra, 18:30ean “Berbaprobak” jolasa eta ordu erdi geroago Zumba dantza aerobikoa. Eguna amaitzeko, 19:30ean txokolatada eta mintxodromoa.

Hilaren 3an egun handia biziko dute Galdakaon. 10:30ean Berbodromoa egingo dute Urreta kiroldegian eta 11:00etan Flashmoba Kurtzeko plazan; arratsaldez, 17:00etan Futbol-erakustaldia Kurtzeko plazan, ordu berean Usansoloko Unkina plazan umeentzako jolasak, tailerrak eta muralak, 18:30ean kalejira Musika Eskolarekin, eta 18:30ean ekitaldi nagusia Gandasegiko arkupean. Musika Eskolako Diskapazitatuak, Andra Mari Dantza taldea eta Zaletasuna abesbatza izango dira bertan eta Lanbide, Galdakao futbol-eskola eta Umore Ona omenduko dituzte euskararen erabilera indartzeagatik. Ondoren, txokolatada eta 19:30etik aurrera disko festa Oihan Vega DJaren eskutik.

Arriba