Galdakao

Galdakaoko 30 dendek beherapenekin eskainiko dituzte euren produktuak Aukeren Azokan

galdakao_feria_de_oportunidades

Aurreko urteetako harrera bikainaren ondoren, martxoaren 5ean, 6an eta 7an Aukeren Azokaren XI. edizioa ospatuko da Galdakaon; jantziak, lentzeria eta osagarriak jarriko dira bertan salgai. 2010eko bigarren edizioa urrian ospatuko da.

Krisiari aurre egiteko bide izan daitezke beherapenak, eta horregatik egin dute horren aldeko apustua Galdakaoko Dendari Elkarteak eta Behargintzak. 2005ean hasita, Aukeren Azokaren bi edizio ospatu dira urtero; 2010eko lehenengoa martxoaren 5etik 7ra bitartean egingo da, Lehendakari Agirre plazan, eta aurtengo bigarrena urrian iritsiko da. Herriko hogeita hamar denda inguruk parte hartuko dute azokan euren produktuak eta soberakinak prezio baxuagoan eskainiz; azoka goizeko 10:30etatik iluntzeko 20:30etara egongo da zabalik.

Merkataritza zinegotzi den Fernando Izagirrek adierazi duenez, azokak “Galdakaoko herriaren merkatal-erakusleiho izan nahi du, bai herriko bezeroentzat, baita eskualdekoentzat ere. Herriko denden kalitatea eta profesionaltasuna azpimarratzeko modu egokia da, aipatu erakusleihoa kaleraino atera eta herritarrek kalitate hori bertatik bertara ezagutu dezaten”.

AZOKAREN % 60 JANTZIAK IZANGO DIRA 

Produktu mota ezberdinak eskainiko dira: %60 jantziak izango dira, %30 lentzeria-mertzeria, %10 oinetakoak eta %10 osagarriak. “Jendeak beherapen handiekin erosi ahal izango ditu produktu hauek; horrela, erosleei merkeago erosteko aukeraz gain, prezio baxu horiek dendetan duten generoa kanpora ateratzeko aukera emango diete merkatariei”, gaineratu du Izagirrek. Beherapen garaia luzatzea bertako merkatariak gertu-gertutik jo dituen krisiari aurre egiteko modu bat da. Esan bezala, hogeita hamar dendek parte hartuko dute martxoko edizio honetan, eta urrikoan parte hartuko dutenak beste hainbeste izatea aurreikusten da.

Arriba