Galdakao

Juan Carlos Irizarrek eta Antxon Irustak sortu dute Galdakaoko ereserki ofiziala

Irailaren 14an estreinatuko da Galdakaoko ereserki ofiziala, herriko zaindariaren festetako egun handian. “Atsegina eta herriaren identitatearen adierazle den” ereserkia sortu dute Irizarrek eta Irustak.

Irailaren 14an, Santa Kruz egunean eta herriko zaindariaren festetako egun handian estreinatuko du Galdakaok bere ereserki ofiziala, guztientzat irekia izango den ekitaldi batean. Abestia Udal Bandako zuzendari Juan Carlos Irizarrek konposatu du, eta Antxon Irusta idazle eta ipuin kontalari galdakoztarrak jarri dio hitza.

“Ereserki handia da, orkestrazio klasikoa baina atsegina duena”, dio Juan Carlos Irizarrek; musikariak hemeretzi urte daramatza Máximo Moreno Musika Eskolan Udal Bandako zuzendari moduan. “Irusta eta biok elkarlanean aritu gara, ereserkiari eskatzen zaiona lortu nahian: protokolozko abaguneetarako abesti eta herriaren identitatearen adierazle izatea”, gaineratu du.

Banda, abesbatza eta txisturako moldatua izan da ereserkia, bi minutu inguruko iraupena du, eta ondoko ahapaldiarekin hasten da:

GALDAKAO HERRIAK
MUSIKA DU LAGUN,
GUREA DEN MOZOLLO
DAUKAGU EZAGUN.
ELKARREKIN HERRIAN
ABESTU DEZAGUN,
EZ DAGO GU LAKORIK
MUNDUAN GAUR EGUN.

Arriba