Basauri

BIDEOA // Basaurin be bagara, abenduaren 2an hamabi ordu euskaraz

Basaurin Be Bagara lelopean abenduaren 2an Solobarria plazan ospatuko dugun jaiak 12 orduz, goizeko 8etatik iluntzeko 8etara, etengabe euskaraz jardutea du erronka. Honen ideia Euskarabila elkarteak antolatutako jardunaldi batzuetan bildutako hainbat euskaltzalerengandik sortu bazen ere, gero eta elkarte, erakunde eta norbanako gehiago dira antolakuntzan buru belarri dabiltzanak eta oraindik ere gehiago izatea espero dugu. Elkarrekin bakarrik lortuko dugu azken helburua: euskaldunok euskaraz bizitzea gure herrian, Basaurin.

Basaurin euskaldunok asko garela, hemen gaudela eta euskaldun izateaz harro gaudela erakutsi nahi dugu. Aldi berean, eguneroko bizimoduak sakabanatuta egotera behartzen gaituenez, euskaldunon topagune izan nahi du jai honek; egun batez euskaldunok batu, elkarren berri izan, elkarrekin gozatu eta elkarri hauspo eman nahi diogu euskaraz bizi ahal izateko. Baina guztiaren gainetik jai eguna izan nahi du, euskaldunon ospakizun egun handi bat.

Hasieratik amaierara, auzolanean antolatutako jaia izango da. Erronkari heltzeko, herri osoa jarriko dugu dantzan. Edozein basauriarrek hartu ahal izango du parte: norbanako, lagun-talde, elkarte, haur, heldu zein adinekok. Bakoitzak dakiena edo gustuko duena egingo du bertan eta denok elkarrekin gozatuko dugu. Bakoitzak izango duen denboran ere ez da mugarik egongo: izan litezke 2 minutu zein 20. Parte hartzera animatzen denak, eta euskaldun guztiak animatu nahi genituzke, adieraz dezala zer egingo duen edota zer-nolako parte hartzea izan nahi duen euskarabila@topagunea.com helbidera idatziz eta jarriko gara harremanetan.

Jaiaren nondik norakoen berri facebook-en bidez edo basaurinbebagara.org orrian irakur liteke. Esan bezala, dagoeneko hainbat elkarte eta jende dabil lanean eta mota guztietako jarduerak aurreikusten dira: kirol jarduerak (mendiari lotuak, spinninga, defentsa pertsonala, taekwondoa, esku pilota tailerra…), musika eta dantza (trikitilariak, txalapartariak, abeslariak, dantzariak, dantza lehiaketa, funky-a, erromeria, flash mob-a…) komikilariak, ikus-entzunezkoak, liburu trukea… eta jan-edana, noski. Denak banan-banan aipatzeak luze joko lukeenez, hona hemen dagoeneko lotuta eta aurreratuta dauden batzuk eta gainera aurretiko inplikazioren bat eskatzen dutenak.

Lagun talde bat egunarekin lotutako bideo bat grabatzen ibili da euskaldunen atxikimendua jasoz (neu be banaz eta zu?) eta muntatzen dabil dagoeneko. Bideo horren aurrerapen txiki-txiki bat dagoeneko ikusgai dago youtube-n. Gainera, argazkiak biltzen ere bagabiltza, beraz har ezazue Basaurin Be Bagara-ren logoa esku artean, atera argazkia eta bidal iezaguzue.

Antzart dantza taldeak egun horretarako flash mob bat prestatu du. Urriaren amaierarako bideoan ikusgai izango dugu web orrian edota youtube-n denok dantza ikas dezagun. Entsegu orokorra ere egingo dugu abenduaren 2ko estrenaldiari begira: adi egon!

+ Jaitsi ‘Dantza lehiaketa’ dossierra
+ Jaitsi ‘Dantza lehiaketa’ izen-emate orria

Biarte Dantza Eskolak dantza lehiaketa eta erakustaldia antolatu du. Lehiaketa bezperan egingo da, abenduaren 1ean, Ibaiganen eta erakustaldia 2an Solobarrian. Lehiaketan parte hartzeko edozein dantza disziplina izan daiteke abestia euskaraz bada. 9 urtetik gorako edozein basauriarrek har dezake parte, 3 kategoriatan (haur, gazte edo heldu), 3-10 kideko taldeetan eta gehienez 4 minutuko koreografia izanik. Epaimahaia Biarte dantza eskola, Basaurin Be Bagara ekimena, logoaren egilea eta Udaleko ordezkariek osatuko dute. Izen ematea Biarte Dantza Eskolan egin behar da eta epea zabalik dago azaroaren 15era arte. Izena ematean musika CDa aurkeztu behar da. Oinarriak osorik eta informazio gehiago web orrian irakur liteke edota Biarte Dantza Eskolan bertan eskatu (Luis Petralanda, 3 edo biartedantzaeskola@hotmail.es)

Amaitzeko, beste behin ere basauriar guztiak animatu parte hartzera: bakarrik ausartu ezean, elkartu lagun talde bat ea zer egiteko gai zareten! Zuzenean parte hartzen ez duena ere hurbil dadila plazara, denon artean ederto pasako dugu eta!

Arriba