Basauri

‘Neronek bizi izandakoa’, Mikel Arginarena Arizko ikastolako irakasle ohiaren memoriak

basauri_mikel_arginarena_2014

Arizko ikastolan lanean izan zen aurreneko irakasleetako bat eta 32 urtez bertan aritutakoa, Mikel Arginarenak bere memoriak aurkeztuko ditu datorren asteartean Arizko dorretxean.

Basauriko Arizko ikastolako hastapenak ez ziren errazak izan. Beharrak eragindako auzolanetik sortu zen ikastola eta bertan izan zen Mikel Arginarena (Errazkin, Nafarria, 1943). Aurretik, Tolosako sakramentinoetan ikasketak egin zituen eta ondoren Filosofia eta teologian lizentziatu zen. Hala ere, kritikoa izan da beti Elizaren irakaspenekin eta gizartearen egiturarekin.

Orain, 70 urte beteta, bere oroitzapenak lliburu batean batu ditu “Neronek bizi izandakoa” izenburupean eta maiatzaren 20ean, asteartean, aurkeztuko ditu Basauriko Arizko dorretxean 18:30ean. Oroitzapen horietako asko euskal hezkuntzaren inguruan kokatzen dira, batik bat, Basaurin eta Arizko ikastolan bizitakoak.

Bere bizitzari errepasoa egin ostean, atera duen ondoriorik argiena hauxe da: euskaldunon herria ez dute politikoek, jakintsuek, intelektualek… aurrera aterako. Ateratzen bada, herritar xumeen ahaleginak aterako du. Eta Euskal Herriak “izan” nahi badu, herritarren saiamenak egingo du; eta ez gutxiengo batzuen mesedetan, denen premiak gogoan hartuko dituen gizartea eginez baizik. Euskal Herria ez da idilikoa, klase borroka hor daukagu: gazteen langabezia, pentsiodunen kezka, langileen hurrupakuntza, besteak beste.


"NERONEK BIZI IZANDAKOA", MIKEL ARGINARENA (UTRIUSQUE VASCONIAE)


Arriba